Lagundu bidaia hau kontatzen
Alfonso Etxegarai Atxirikak (Plentzia, 1958) bizitzaren erdia baino gehiago eman du Sao Tome eta Principe irla txikian. 1985ean Frantziak deportatu zuen eta Espainiako agintariek Ekuadorrera bidali zuten. Han torturatu zuten eta geroago Sao Tomera igorri. Ordudanik linbo legal batean egon da, pasaporterik eta bisadorik gabe.
Erbestaldian, Kristiane Etxaluz (Domintxine, 1941) du lagun. Emakume paregabe honek hanka bat du Euskal Herrian eta bestea Sao Tomen. Haren hitzetan, «erbesteraturiko bizilaguna» da: azken 34 urteak jardun da, nekaezin, Alfonso herrira ekartzeko eta herria Alfonsorengana eramateko.
Orain 10 urte, bikoteak bere istorioa kontatu zuen “Sagarren Denbora” dokumentalean. Egun, berriz, ezer ez da berdin baina haren egoerak lehengo moduan jarraitzen du. Zerbait aldatu behar da.
Kristianek 78 urte beteko ditu luze gabe, neguak egunean baino egunean luzeagoak zaizkio. Alfonsok bularreko angina du eta hamarraldiak daramatza kardiologo batekin elkartu gabe. ETAk armak utzi ditu eta desegin egin da. Ez dago, bada, arrazoirik Euskal Herrian elkarrekin bizitzeko ametsa geroratzeko. Zirt edo zart egiteko unea heldu da, nahiz eta aldebakarreko erabaki honek atxilotua izateko arriskua ekarri. Itzulera-bidaiak abiatze eguna du dagoeneko.
Hauxe da, beraz, hamaika galdera dakartzan bidaia baten kontakizuna.
Sariak
Orri honen eskuinaldean ageri diren sari berezi batzuk prestatu ditugu. Sari bakoitza kilometro-distantzia batez izendaturik dago.
Zenbat eta parte hartze handiagoa izan, orduan eta hurbilago izango gara Sâo Tométik eta bidaia hau kontatu ahal izatetik.
Sariak, besteak beste, honako hauek dira: Ruper Ordorikak eta Arkaitz Minerrek “Sagarren denbora” dokumentalerako propio eginiko grabazioa, aurre-estreinaldian gurekin batera filma ikusteko sarrerak, Biarritzen bizi den ZIGOR artista preziatuaren arte-lan bat beren-beregi egitasmo honetarako sortua… Beste sari berezi batzuk ere badaude.
Bestelako ekarpenak egiteko, jar zaitezte gurekin harremanetan.
Lan-taldea
Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzendu dute filma, Hibai Castro Egiak filmatu du eta ADABAKI EKOIZPENAK-ek ekoiztu. IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez-en laguntza ere badu.
Josu Martinez
Filmografia dokumentaletako zuzendari gisa:
“Itsasoaren alaba” (2009), “Sagarren denbora” (2010), “Prohibido Recordar” (2010), “Barrura Begiratzeko Leihoak” (2012), “Gure sor lekuaren bila” (2016) eta “Jainkoak ez dit barkatzen” (2018).
Txaber Larreategi
Filmografia dokumentaletako zuzendari gisa:
“Sagarren denbora” (2010), “Prohibido Recordar” (2010) eta “Barrura Begiratzeko Leihoak” (2012).
Adabaki Ekoizpenak
Zinema eta telebistarako proiektuak egiten dituen Bilboko ekoiztetxe txikia.
Beste batzuen artean, “Gure oroitzapenak” (2018) fikziozko film kolektiboa eta “Euskara Jendea” (2014) serie dokumentala ekoitzi ditugu.
Zertarako erabiliko ditugu zuen ekarpenak
Bildutako dirua, oraindik kitatu gabe dauden dokumentaleko produkzio-gastuak (prestaketa, talde teknikoa, bidaiak, filmatzea, muntaia, musika, irudi-posprodukzioa, audio-nahasketak eta filmaren amaitzea) finantziatzeko bideratuko dugu. Kopuru horretatik, 8.000€ bidaietako gastuetan erabiliko ditugu; 4.000€, filmatzean eta talde teknikoan; 8.000€, irudi-muntaian, audio-nahasketan eta bien posprodukzioan; 3.000€, soinu-bandan; eta 2.000€, filmaren bukatzean eta kopiajean.
Egutegia
Dokumentala 2020ko udaberrian amaitzeko asmoa dugu, honako plan honi jarraiki:
2019ko azaroa: grabazioen amaitzea.
2019ko abendua eta 2020ko urtarrila: filmaren muntaia.
2020ko otsaila: posprodukzioa
2020ko martxoa: filmaren amaitzea
Sariak filma amaitu ondoren banatuko dira. Horren berri emango dizuegu ekarpena egiten duzuen guztioi.
Hemen aurkituko gaituzu:
[email protected]
https://twitter.com/adabakiekoizpen
https://www.facebook.com/AdabakiEkoizpen
www.adabaki.eus
9 comments
If you are already a sponsor, please Log in to comment.
Antton Bankarra
Besarkada bat Kristianeri eta besarkada bat ezagutzen ez dudan Alfontsori !
LEIRE DIAZ DE GEREÑU
Historiako kontaketa osatzeko beharrezkoa. Eskerrik asko zuen lanagatik!
Pedro Don Don
.....Vamos , Aurrera , se conseguirá
Mdurquet
Alfonso, I am so happy that you are finally able to see Euskadi again and I will always be grateful for your hospitality when I visited ST.
Alfredo Rodriguez Landa
Alfon, Domintxine izan da zure Ítaka. Bidaia luzearen ostean heldu zara. Urte luzez goza ezazue bidaiaren amaiera Kristian eta biok. Besarkada bana adiskideok.
Miren Azpi
aupa
[email protected]
Animo eta segi gogor
ITZIAR EGIA IBARGUREN
Zorionak Alfonso, lortu duzu!
txema pico
Ongi etorri Alfontso, aurera bolie!